Abstract
Ezagun da tresna elikatzeko erabiltzen dituzten adibideetatik ikasten dutela itzultzaile automatikoek eta testuetan dauden alborapen eta estereotipoak barneratzen eta errepikatzen dituztela. Arazo hori are nabarmenagoa da genero gramatikalik ez duten hizkuntzetatik genero gramatikala markatzen duten hizkuntzetara itzultzean, hala nola euskaratik gaztelaniara. Lan honetan genero-alborapenaren gaia aztertuko da. Horretarako, normalean estereotipo femenino eta maskulinoekin lotutako adjektibo eta lanbideen hitz-zerrendak osatu ditugu. Zerrenda horietako hitzak dituzten adibide andana bildu dugu hiru testu-generotan banatuta. Helburua izan da emaitza horiek aztertzea eta balorazio bat egitea.