Estandarizaziotik hizkuntzaren sozializaziora testuinguru eleaniztun eta minorizatuetan: hizkera informala eta euskararen aktibazio-prozesua berrikuspen teoriko baten argitan
Azken hamarkadetan euskararen biziberritzeak lorpen handiak eskuratu ditu, bereziki hizkera estandarraren kodifikazioan eta hezkuntza-sistemaren bidez bideratutako hizkuntzaren irakaskuntzan. Hala ere, literaturak iradokitzen du aurrerapen horiek ez direla beti neurri berean islatzen ahozko erabileran eta, bereziki, erregistro informaletan. Testuinguru horretan, artikulu honek gaiari buruzko literaturaren berrikuspen teorikoa egiten du, hizkera estandarraren funtzioak eta mugak aztertuz eta, hizkuntza-erregistroen ikuspegitik, hizkera informalaren logika pragmatikoa eta afektiboa zehaztuz. Era berean, haur, nerabe eta gazteen (HNG) hizkuntza-alternantzia, hizkera-komunitateen dinamikak eta hizkuntza-sozializazioa irakurketa ekologiko batean kokatzen dira, testuinguru eleaniztunetan euskarazko gertutasuna, umorea eta konplizitatea eraikitzeko aukerak azpimarratuz. Ondorio gisa, berrikuspenak hiru norabide nagusi iradokitzen ditu: batetik, biziberritze-estrategiak osatu behar direla erregistro informal legitimo eta seguruak sistematikoki garatuz; bestetik, hiztun berrien hizkera-komunitateetako parte-hartzea erraztu behar dela; eta, azkenik, HNGen errepertorio errealetan oinarritutako baliabide soziohezitzaile irekiak, malguak eta etengabe egokitzeko modukoak diseinatzea komeni dela.