Abstract
Lan honetan Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) jarduera akademikoaren ingurumen-aztarnaren emaitza nagusiak biltzen dira, etorkizunera begirako eta COVID19aren ondoriozko irakaskuntza-agertokien inpaktuak barne. Erreferentziazko agertokia 2016 urteari dagokio eta inbentarioa osatzeko UPV/EHUren energia- eta material-kontsumoen, sortutako hondakinen eta garraio beharren datuak bildu dira. UPV/EHUren hiru Campusak (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa) eta 2016/17 ikasturte akademikoaren 46,813 erabiltzaileen %96.8 (ikasleak: % 81.9, irakasle eta ikertzaileak: % 11.0 eta administrazioko eta zerbitzuetako langileak: % 3.9) kontuan hartu dira. Bizi-zikloaren modelizazioa egiteko OpenLCA programa, Ecoinvent datu-basea eta CML Midpoint metodologia erabili dira. UPV/EHUren ingurumen-aztarnaren ekarpen handieneko jarduera, aztertutako inpaktu-kategoria gehienetan, garraioa da (% 60 ingurukoa). Energia- eta material-kontsumoaren ekarpena txikiagoa da, baina azken hauen artean ordenagailu eta ekipo informatikoak aipatu behar dira. Oro har, erabiltzaile bakoitzeko sortzen diren inpakturik handienak Leioako Campusekoak dira, hirietan dauden zentro eta fakultateekin alderatuta, batez ere garraioaren eta hondakinen tratamenduen ondorioz. COVID-19aren pandemiaren ondoriozko agertokietan, ‘Konfinamendua’ eta ‘Edonon’ (jarduera erdipresentzialean), UPV/EHUren ingurumen-aztarna jaitsi zen, mugikortasuna mugatzearen ondorioz garraioa murriztu zen eta. Hala ere, ikasgelak aireztatzearen ondorioz energia-kontsumoa handitu behar izan zen. Gainera, irakaskuntza erdipresentziala ziurtatzeko ekipamendu informatiko berria erosi behar izan zen. COVID-19aren ondoriozko irakaskuntza-agertokien emaitzak zein etorkizunera begirakoena bat datoz: garraio ohiturak aldatu beharko lirateke, mugikortasuna murrizteko eta garraio publikoaren erabilera sustatzeko. Beraz, iraunkortasunerako bidean, UPV/EHUren jarduera akademikoaren ingurumen-aztarna tresna eraginkorra da hobekuntza-neurriak proposatzearen alde. Hala ere, azterketa sakonagoa egiteaz gain, lankidetza beharrezkoa da: ez bakarrik erakundearen kudeatzaileena, baizik eta unibertsitate-komunitate guztiarena ere.